EHUko irakasleak Europako ikerketa onenaren saria jaso du lipidoak aztertzeagatik.
Lipidoek gorputzaren erreserba energetikoa osatu eta isolatzaile termikoa izateaz gain, funtzio egiturala dute.
Hau ikertzeagatik, EHUko Felix Goñi irakasleak lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria eskuratu du.
FELIX GOÑI; UPV/EHU: Saria niri eman didate nagusia naizelako. Hemen, lipidoekin lanean daramaten 30 urte hauetan, dozenaka pertsona pasa dira eta beraiek ere merezi dute sari hori. Beraiek badakite hori eta nik ere bai.
Niri gustatzen zaizkidan lipidoak eta gehien entretenitzen nautenak, laborategian behintzat, lipido bereziak dira, zelulak inguratzen dituzten gantz bereziak, zelula mintza edo mintz plasmatikoa izena duena. Lipido horiek oso propietate bereziak dituzte, ez ditugu ondo ulertzen eta ulertu nahi ditugu.
Felix Goñiren ikerketek zeluletako mintzen lipidoen garrantzia azaldu dute.
FELIX GOÑI; UPV/EHU: Zelulen osasuna edo gaixotasuna mintzen lipidoen esku dago. Gripearen birus batek zelula batean sartu nahi duenean, mintza zeharkatu behar du. Zelula batek hormona bat ekoitzi eta odoletara askatu nahi duenean, hormonak mintza zeharkatu behar du. Organismoak zelula bati biderkatzeko edo ez biderkatzeko agintzen dionean, aginduak mintzaren bidez ematen ditu. Zelulan gertatzen denaren herenak mintzarekin lotura dauka.
Fama txarra izan arren, gantza ezinbestekoa da bizitzarako.
FELIX GOÑI; UPV/EHU: Badago molekula bat benetan fama txarra duena, lipido bat da, zehazki kolesterola. Kolesterola, mintzak duen lipido bat da. Kolesterolik gabe ez litzateke egongo Lurrean ezagutzen dugun bizitza. Bakteria hutsak izango ginateke, ez litzateke zelula anitzeko organismoak egongo edo eukariotikak deitzen ditugun zelula konplexuak… Kolesterola funtsezkoa da bizitzarako. Eta ikaragarrizko fama txarra du.
Biofisika Sozietateen Europako Elkarteak emandako saria, Lisboan jasoko du uztailean.