EHUko Ondare Eraikiari buruzko ikerketa taldea Belchiteko borrokaldiaren azterketa arkeologikoa egiten ari da.
1937ko abuztuaren bukaeran eta irailaren lehen egunetan, Aragoiko lur hauetan Espainiako gerra zibilaren borroka lazgarrienetako bat gertatu zen.
Errepublikarren egoera zaila zen iparraldeko frontean eta, nolabait egoera hura iraultzeko, errepublikarrek erasoaldia prestatu zuten Aragoin. Zaragoza hartzea zuen helburu erasoak, hainbat puntutatik abiatuta.
Francoren aldeko milaka militar Belchiten bildu ziren erasoari aurre egiteko. Herrian bertan eta inguruetan zementuzko eta burdinezko gotorlekuak eraiki zituzten, metrailadore-habiak, lubakiak, behalekuak eta abar.
Belchite inguruan lehen borrokaldiak abuztuaren 24an hasi ziren, eta irailaren 6rako Belchite tropa errepublikarren esku zegoen. Handik zazpi hilabetera, baina, Francoren aldekoek berriro hartu zuten indarrez.
Gerra bukatu ondoren, Francok herri zaharra ez berreraikitzea erabaki zuen, “gorrien ankerkeriaren erakusle gisa” bere hitzetan. Horren ordez, Belchite berria eraikitzea agindu zuen gerrako preso errepublikarren eskulanarekin.
Sasoi batean militarrez bete ziren lur hauek gaur egun arkeologoen topaleku dira. Nazioarteko Brigaden ekimenez eta CSICek koordinatuta, abian da International Brigades Project ekimena, gerra-paisaia honetara arkeologiaren ikuspegitik hurbiltzeko helburuarekin. Tartean EHUko Ondare Eraikiari buruzko ikerketa Taldea dago.
Belchiteko guduan inguru hau garrantzitsua izan zen, ezta?
Bai, azken finean honakoa izan zen Belchiteko guduaren abiapuntua, lehenbiziko egunetan. Bertsio ofizial frankistaren arabera, soldadu batek traizioa egin zuen, eta hau errenditu egin zen tiro bat bera ere bota barik. Baina arkeologikoki, hemen borrokaldiak eman zirela badakigu.
Hemen ikusten dugu eraikin berezi bat. Zer da?
Hau da ametrailadoreak jartzeko kokagune bat, zementuz egina, ingeniari militar frankistek egindakoa. Kontua zen galduezina izatea, ikusten den bezala 360 graduko ikuspegia daukagu.
Eta hona jaistea badago?
Bai noski, nahi baduzu jaitsiko gara. Gunea ikusten den bezala, oso gotorleku sendoa da, zementuz egina.
Bira oso bat egiten du.
Bai, bira osoa ematen du. Honako euskarri hauek dira ametrailadorearen zangoak jartzeko, gero hemen tronerak ditugu, nahiko ikuspegi zabalarekin, tiro egiteko. Hemen ikusten dugu plataforma bat dagoela, eta pasabide bat ondoran. Imajinatu behar dugu, ametrailadorea maneiatzen duena hemen goian dagoela, eta ondoan asistentea munizioa pasatzen.
Honako hau da ametrailadorearen kokagunetik ateratzen den lubaki lerro bat.
Hemen makurtuta joango ziren, ezta?
Bai, ze hemen tiroekin eta arriskua bazegoen! Oso estua da, oso altua ere bai. Eta bere funtzio nagusia beste puntu batzuekin komunikatzea da. Eta honakoa da tiradore puntu bat. Lubakitik ateratzen da eta!
Lubakiek lerro oso luzeak osatzen dituzte, El Sasoko mendixka osoa inguratzen dute, guztia, gazta bat bailitzan, zulatua baitago. Babesleku hau horren erakusle da.
Hau dena eskuz zulatu duzue.
Dena eskuz, hainbat egunez, eta tresnekin, hainbat lankide. Merezi du, azkenean oso egitura garrantzitsua da, eta ingeniaritza militarreko oso adibide polita. Hemen goian badugu, kanpora ateratzeko, pixka bat tunela arnasteko, nolabait.
Bentilaziorako.
Hautsa behintzat badago. Hemendik nora?
Hemendik joan gaitezke pariderara, beste toki esanguratsua. Azkenean soldaduen bizilekua, eta horren aztarna asko topatu ditugu: nolakoa zen euren jana, loa ere imajina dezakegu pixkat.. eta orokorrean hemen lurrak nahiko mugituta daude lanengatik, eta orain lankide batzuk ari dira den-dena geoerrefentziatzen.
Ikerketa-taldeko topografoak lanean harrapatu ditugu, proiektuaren helburuetako bat gerrako eta gerra ondorengo hondakinen berri emango duen jakintza enpirikoa produzitzea delako. Kasu honetan gunea irudikatuko duten mapak.
Kortea: Teresa Mañana
Estamos colocando una série de bases topográficas con un GPS de corrección diferencial, que nos está dando unos puntos de apoyo, para en esta campaña y en los próximos años, tomar datos geográficos con mucha corrección. Estos datos provienen de la constelación de satélites que nos rodean. Están capturados por esta antena que está aquí arriba, y con otra base de apoyo que tenemos aquí en el entorno, estamos logrando posiciones geográficas globales con mucha precisión.
El Saso utzita, El Mojón del Lobo muinora doaz arkeologoak. 630 metroko altuera daukan muinoa da, inguruko garaiena. Hemen errepublikarrek lau ahoko tunel bat eraiki zuten artilleria piezak jarri eta Belchite bonbardatzeko.
Hiru dimentsioko irudikapenak lortzeko lana egingo dute gaur. Horretarako 3Dko laser eskaner bat erabiliko dute. Laserrak 360 graduko birak egiten ditu, laser-izpiek objektuetara dagoen distantzia neurtzen dute, eta errotazio-angelua gehituta, milioika puntuz osatutako irudiak lortzen dira.
Datu horiek guztiak ordenagailura eramanda eta software bereziak erabilita, eraikitzen dituzte adituek inguruaren irudikapen errealistenak.
Maila arkeologikoan erregistratzen ari diren elementuak irudika daitezke horrela, eta informazio geografiko hori, etorkizunean hartu ahal izango denarekin konparatzeko moduan egongo da.
Beira eta zeramika zatiek, hainbat txanponak, kontserba-latek, bando bietan erabilitako munizioaren osatzen dute Belchiteko lanetan bildutako altxor arkeologikoa. Baina baita gauza bitxiagoek ere, teorian denboraren joan-etorriarekin eta eguraldiaren gorabeherekin suntsituta beharko luketenak adibidez: kantinplora bat, uniforme pare bat, katalunieraz idatzitako egunkari baten aztarnak eta abar.
Indusketa-kanpaina bukatuta, hondakin horiek guztiak aztertzeko garaia iritsi zaie adituei, ahal dena berreskuratzeko ordua. Izan ere, aztarna horiek gerraren lekukotza ematen dute, gertakarien irakurketa arkeologikoa egiteko bidea.