Autoek etorkizunean ez dute gidaririk izango. Makinak garraiatuko ditu bidaiariak, hauek ezertxo ere egin gabe. Errealitate hori uste baino gertuago dago eta Mondragon Unibertsitatean azaldu digute zergatik.
Arrautza itxurako ibilgailu honek ez du bolanterik, ez azeleragailurik eta ezta frenatzeko pedalik ere. Ez ditu behar. Maiatzaren bukaeran Googlek aurkeztu zuen gidaririk gabeko autoaren prototipoa da. 2009an hasi zen enpresa erraldoia proiektu honetan lanean. Orain arte, auto normalak izan dira gidaririk gabe ibiltzeko moldatu izan direnak, edozein arazoren aurrean gizakiak har dezan agintea, baina, antza, teknologia heldua dela iritzi diote googlekoek eta autoa gidatzeko medio guztiak kendu dituzte. Orain makinak du kontrol osoa.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Zu sartuko al zinateke edo jarriko al zinateke haien lekuan?
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea:Bai makina horiek nahiko fidagarriak dira, oraindik gauza asko garatzeko dituzte baina fidagarriak dira. Sartuko ote nintzateke? Bai.
Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da Egoitz Arruti eta telekomunikazioa da bere ikerketa alorra. Seinalearen teoria eta komunikazioak departamenduan egiten du lan eta izen konplikatu horren atzean dagoena da gailuak kontrolatzeko teknologia. Gidaririk gabeko gailuen bidea hemen hasten da.
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea:Guk hemen, telekomunikazioko graduan erakusten dugu ibilgailu horretara heltzeko behar den oinarrizko teknologia. Hortik gora diseinatzaileren edo pertsonaren imaginazioak jartzen du muga.Bigarren mailatik hasita produktu telegidatuak egiten ditugu, baina beti dago pertsona bat sistema edo gailu hori maneiatzen. Ez gara heldu oraindik ibilgailu hori autonomoki ibiltzera.
Gailu honek izen propioa du: Aldridge Rover 5. Txertatutako sistemen masterreko ikasle batek diseinatu du. Unibertsitateko wifi sarea baliatuz urrutitik gidatu daiteke.
Urrutitik gidatutako gailuetan distantzia, oinarrizko faktorea da. Gertuko kontrolerako bluetooth-ak balio du. Wifia, erdi mailako distantzietan erabil daiteke, sarea iristen den lekura arte. Eta distantzia luzeetan, telefono mugikorren estaldura edo sateliteak ere erabil daitezke, tamalez ezagun egin drone militarrek horrela egiten dute lan. Baina gauza baketsuagoak ere egiten dituzte gailu horiek. Irudi hauek irrati uhinez kontrolatutako drone batetik ateratakoak dira. Mondragon Unibertsitateko ikasle ohi batek sortu duen enpresak horrelako zerbitzuak eskaintzen ditu. Droneak modan daude.
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea:Droneak bi motakoak izan daitezke, bat, urrutitik gidatuta dauden droneak, beti dago base bat, pertsona bat agintea duena, urrutitik gidatzen, eta dago bigarren mota bat, autogidatuak edo plan bat jarraitzen dutenak. Norbaitek esan dio hau da hegan egiteko zure plana eta egin behar duzuna da puntu honetara joan, ekintza egin han eta bueltatu.
Izan ere, sartzen zaion planak edo programak bihurtzen du gailu telegidatu bat, autogidatu. Informazio horren arabera erabakiak hartuko ditu. Robot honek bezala. Erabakitzeko gaitasunaren adibiderik xinpleena da. Autoak aparkatzen laguntzeko ohiko bihurtu diren hurbiltasun-sentsoreak ditu eta traba egiten dion objektua detektatzen duenean, gelditu, eta ezker ala eskuin hartu erabakitzen du.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Pentsatzen duten sistemak inguruan ditugu, geroz eta gehiago gainera, adibidez, bakarrik frenatu edo balaztatzen duten autoak, gure etxeak garbitzen dituzten robotak,... pentsatu egiten dute, kakotx artean.
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea:Bai beraiek adimena dute, gaitasun bat pentsatzeko, eta gaitasun hori dago mugatuta duten funtziora, adibidez, helburua bada etxea garbitu, bere erabakitzeko sistema dago diseinatuta zure etxea garbitzeko.
Gidaririk gabeko ibilgailuen sentsore eta sistema guztiak berriz, bidaiaria onik garraiatzeko diseinatuta daude. Baina gailu biak ez daude elkarrengandik urruti. Xurgagailu hau eta googlen autoa lehengusu txikiak direla esan daiteke. Biek laser begi bat erabiltzen dute ingurua ikusteko, ingurua eskaneatzeko. Batak informazio hori erabiliko du egongela garbitzeko; besteak, istripurik ez izateko.
Prototipoa, noski, konplexuagoa da xurgagailua baino. Ezagutza softwaren bidez irakurri egiten ditu trafiko seinaleak, oinezkoak, beste autoak ... Gurpiletan dituen sentsoreek kokatu egiten dute, memorian kargatuta dituen mapak eta GPSa erabiliz. Lau radar ditu buelta osoan, distantziak neurtzeko, eta kamera bat muturrean argiak identifikatzeko, izan semaforoenak, izan aurrean duen autoaren freno-argiak.
Baina Google ez da gidaririk gabeko autoen bideari ekin dion bakarra. Auto-fabrikatzaile handiak ari dira dagoeneko, bakoitza bere erara, alor hau ikertzen. Amets hutsa ez dela erakusten du lehia honek.
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea: Auto-saltzaile asko iragartzen dabil, prototipoak eginda dituzte, baina oraindik merkatura heldu behar dute.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Zenbat denbora falta da gu biok gidaririk gabeko autoan ibili gaitezen?
EGOITZ ARRUTI; Mondragon Unibertsitatea:Ez dut horretarako erantzunik. Ikusiko ditugu sistemak zu eta ni hartu eta eramango gaituztenak etxera, bai, agertuko dira.
Oraindik hutsune asko bete behar dira eta ez teknologikoak bakarrik. Trafiko araudia berrikusi behar ote den, adibidez, baina, itxura guztien arabera, gizakiaren etorkizuna kopilotu bihurtzea da.