Diseinutik hasi eta fabrikazioraino, hegaldiaren segurtasuna erabatekoa izatea da ibilgailu bakoitzean bermatu behar dena.
...
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Gure barruan birus bat daukagula esaten dugu askotan. Azkenean nik uste dut birus horrek bultzatzen zaituela zure bizitza horretara dedikatzera.
UGAITZ ITURBE; Aeris Naviter: Andra Mari ikastolan ikasi nuen Zornotzan, eta justu Loiuko aireportura sartzeko zati hori da. Orduan, jolastokian ibiltzen ginenean beti hegazkinak ikusten nituen eta nik uste dut hortik sartu zitzaidala birusa gorputzean.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: ikuspuntu desberdin bat, munduaren ikuspuntu desberdin bat da. Azkenean altura batean zoaz, abiadura batean eta beste parametro batzuetan mugitzen da mundua, polita da.
Billabonan zabaldu zituen ateak Aeris Naviter enpresak orain 6 urte. Aratz ingeniaria da eta Ugaitz pilotua eta Euskal Herriko helikoptero enpresa bakarrenetakoa zabaldu zuten, orduan. Egun, bi eserlekutako helikoptero ultra arinak egiten dituzte Argentinako enpresa batekin elkarlanean. Tailerrean, merkaturatuko duten 8. makina ari dira egiten.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Helikoptero batek bai ala bai bermatu behar duena hegan egitea da eta segurtasunez hegan egitea. Kasu honetan gainera, beste plus bat daukagu: Helikopteroak segurtasunez hegan egin behar du eta, gainera, arina izan behar du. Arina ez bada ez da sartuko legedi zehatz batean beraz ez dute helikoptero ultra arin moduan onartuko.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Helikopteroa hutsik, hau da, piloturik gabe eta olio eta jariakin guztiak barruan dituela, 280 kilo izan behar ditu gehienez. Beraz, hori da ekoizle guztiek daukagun buruhauste handiena. Makinatik makinara hobetzen goazen zerbait da.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: hasi ginen 279,8 rekin; orain 275.
UGAITZ ITURBE; Aeris Naviter: Orain xasisa heldu zaigu; lehenengo fasean: xasisa,errotorea eta lur hartzeko trena iristen dira. Bilgarria kentzen dugu lehenengo, gero ea dena ondo dagoen eta errepasorenbat egin behar bada, fase honetan egiten dugu.
XASISA
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Xasisa 4130 altzairuan dago egina kromo moulideno aleazio bat da. Oso zurruna da sekulako erresistentzia du, baina batez ere arina da. Kabina eta palak adibidez material konposatuz eginak daude, beira zuntzez.
Gure hurrengo salto teknologikoa beira zuntzetik karbono zuntzera pasatzea da.
Horrekin, %35eko pisu murrizketa bat izango dugu gutxi gora behera. Zortzi bat kiloko jaitsiera izan dezakegu eta hori mundu bat da.
ERROTOREA
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Helikoptero sistemetan eta aireontzi birakarietan errotore sistema da gakoa. Nik helikoptero bati kabina kentzen badiot berdin- berdin hegan egingo du; helikoptero bati motorra kentzen badiot eta 5000 metrotik botatzen badut berdin-berdin hegan egingo du. Helikoptero bati patinak kendu eta hegan egingo du, baina helikoptero bati errotorea kendu eta ez du hegan egingo.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Hau da errotoreko transmisio kaxa nagusia, hau da helikopteroaren bihotza. Hemendik motorretik datorren potentzia sartzen da bi errotoreetara. Isatseko errotorera eta errotore nagusira. Aginte honek, gure komando sistemarekin ematen dizkiogun aginduak nahastu egiten. Honek, gora- behera, ezker eskuin egiten du.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Hemen ikusten diren hauek dira berezitasun nagusiak. Hemengo hau chip detector edo biruta metaliko detektagailu bat da, honi esker kabinan jakingo genuke engranajeren batean arazorik dagoen. Pinoiak edo platerek arazorenbat izango balute honi esker jakingo genuke; olioan partikula metalikorik detektatu digun edo ez. Hemengo hau tenperatura sentsore bat da eta azkenean hau da lubrikazio sistemaren irteera.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Aeronautikan berrikuntza gehiegi txarra da. Eta hori kopetan tatuatu behar dugu. Kotxe batean motorrak huts egin dezake eta keinukaria piztu, triangelua jarri, txalekoa jarri eta listo. Aeronautikan ez: Motorrak huts egiten badu izorratuta zaude.
MOTORRA
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Gaur egun muntatzen den motor aeronautiko bat 70-80.hamarkadan autoetan muntatzen zen motor bat da, ia berdina. Askotan probatutako motorrak dira, ehunka milaka ordu dituztenak, eta azkenean, oinarrizko sistema fidagarriak dituztenak. 1500 inguruko motor bat, lau denborakoa, 100 zaldi, 100 zaldi aireratze posizioan gaudenean, eta besterik gabe oso oso sinplea da. Erabiltzen den gasolina sinplea da, ez da hegazkintza orokorreko gasolina baizik eta kotxeetan erabiltzen den 95-98 gasolina.
PALAK
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Orain muntatzen ditugun palak perfil simetrikoa dute, beraz egonkortasun nabaria, erresistentziari dagokionez, erdi-mailakoa dute eta beira zuntzez egindako palak dira. Baina gure hurrengo saltoa material konposatuetan egitea izango da. Esan bezala profil asimetrikoa dutenak, horrek makina urduriagoak egingo ditu. Urduriak kakotx artean, biziagoak izango dira, baina, aldi berean pisu-potentzia harreman hori hobetuko dute. Hau da, potentzia erabilgarri gehiago izango dugu.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Aisialdirako izaten dira normalki, edo aisialdiarekin lotuta dauden instrukzioetarako, pilotu eskoletarako. Baina, orain azkeneko bi makina hauekin merkatua pixka bat gehiago zabaltzea lortu dugu, eta merkatu horren barruan, aire lanak edo aerial work esaten diren horiek garatzeko aukera izango dugu.
ARATZ ARREGI; Aeris Naviter: Hemen daukagun sistema da kako barizentriko bat. Barizentrikoa zergatik? Ba azkenean ohartzen bazarete beti bertikala mantentzen da. Helikopteroa alde batera, zein bestera okertu daiteke, eta kakoak beti bertikaltasuna mantenduko du. Hau oso garrantzitsua da zama daramagunean gehienbat. Beti ere kargak nolabaiteko balantza bat egin dezake, kako honekin bertikaltasuna mantendu dezakegu.