NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Eski denboraldia bukatu da eta orain atzeko lanak hasten dira: datorren denboraldiko materialaren prestaketa. Eta Astigarragan tailer bat daukazue eta eskiak eskuz egiten dituzue hemen. Nolatan hasi zineten honetan?
GURUTZ CORETTI; Coretti ski: Niretzako eskiak egiten hasi nintzen. Merkatuan ez nuen gustukorik aurkitzen. Nire lana dela eta ez zen zaila: CAD-CAM fabrikazio-sistemak ezagutzen nituen, epoxi erretxinak ezagutzen nituen, prototipaje azkarra ere bai... Gutxi gorabehera ezagutzen nuen eskiak ekoizteko teknologia, nola egiten ziren jakitea falta, baina probak eginez ikasten da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar:Eta nola egiten da eski-pare bat?
GURUTZ CORETTI; Coretti ski: Eskiak egiteko zurezko nukleotik abiatzen da, eskiaren arima da eta garrantzi handia du ongi lantzeak. Eskuz egindako eskietan asko zaintzen da, ez horrela ohiko eskietan. Eskuz egindako eskietan zurezko listoi osoak erabiltzen dira.
N. R.: Zer egur erabiltzen duzue eskiak egiteko?
G. C.: Urkia, lizarra eta artzia erabiltzen ditugu. Portaera desberdina duten egurrak nahasten ditugu, dentsitate desberdinetakoak, haien arteko indarrak moteltzeko. Adibidez, hemen urkia eta lizarra ditugu. Urki- eta lizar-oholak itsasten dira eski-erdi bat egiteko. Lau xafla mozten ditugu eta ispiluan irekita itsasten ditugu. Horrela, eskia simetrikoa da eta biak berdinak. Bietan zainak berdinak dira. Fabrikako eskiak, ordea, listoizko oholekin eginak daude, hau da, oholek loturak dituzte eta ez dira simetrikoak. Eskiak ez dira berdinak ateratzen eta neurtu eta pareak egin behar izaten dituzte.
Artisaua izan arren teknologia berriak erabil daitezke, CAD diseinua eta CAM mekanizatua.
N. R.: Zer ekarpen egiten dio ordenagailu bidezko diseinuak eskuz egindako eski pare bati?
G. C.: Ordenagailu bidezko diseinuak malgutasuna eskaintzen du. Pertsonari, eskiatzaileari egokitutako eskia diseinatu dezaket. Prozesua eskiaren diseinuarekin hasten da, hiru dimentsioko diseinu-programa batekin eskiaren geometria diseinatzen da, neurriak, biraketa erradioa, lodierak. Horren araberakoak izango dira eskiaren ezaugarriak: gogortasuna eta eskiatzeko modua.
N. R.: Zein da hurrengo pausua, Gurutz?
G. C.: Zola moztuta daukagu eta altzairuzko ertzak okertzen ditugu zolaren formari egokitzeko, eta behin behineko itsasgarri batekin itsasten ditugu.
N. R.: Zer funtzio dauka ertz honek?
G. C.: Hertzak elurrari heltzen laguntzen du elur oso gogorretan eta izotzetan. Hau da nik erabiltzen dudan errefortzu nagusia, ia inork ez du erabiltzen. Zurezko nukleoa indartzeko karbono zuntza erabiltzen dugu, zuntzaren orientazioa aukeratzen dugu jasan behar dituen indarren arabera. Karbonoak zuntzaren noranzkoan du indarra. Norazko bakarreko zuntz honek zentzu bakarrean du indarra, biaxialek bi zentzutan. Hau +45/-45 da, eta hau 0/90. Zuntz honek indarra du zentzu honetan eta beste honetan, honetan ez.
Eskiaren luzeraren arabera molde bat edo beste aukeratzen dut, edozenbat ditut. Moldearen gainean jarriko ditugu piezak. Lehenengo zolak jarriko genituzke. Bi eskiak batera egiten dira berdin-berdinak izan daitezen. Zolaren gainean epoxi erretxina emango genuke eta gainetik karbonoa. Epoxiaz busti eta zurezko nukleoa. Karbonoz estali berriz, noranzko desberdinetako zuntzekin, eta epoxiz busti. Ondoren, ehun porotsu batekin estaltzen dugu, gehiegizko erretxina atera dadin, eta gainetik manta xurgatzaile bat.
N. R.: Eta orain une erabakigarri bat dator.
G. C.: Bai, orain moldea huts-poltsa batekin itxiko dugu: film plastiko bat da, masilla itsasgarri bat duena. Guztia estali eta moldeari itsasten zaio guztiz itxia gera dadin, eta, gero, hutsa egiten da. Hutsak zurezko nukleoa okertzen du eskiaren forma har dezan, atzeko eta aurreko muturretan; eta erretxina soberakina ateraraziko du ehun porotsuan zehar manta xurgatzaileraino. Hala, karbonoan ahalik eta erretxina gutxien geratzen da.
N. R.: Zenbat denbora behar du?
G. C.: Hutsean egon behar du 15 orduz labean, 45 gradura, epoxi erretxinak behar bezala katalizatzeko.
N. R.: ¿Y ya está?
G. C.: Horraino bai, gero atera eta moztu egin behar da... Erretxina geruzak bata bestearen gainean... Eskiaren gainazala amaitutakoan babesak, osagarriak eta fijazioak jartzen dira.