Ikerketa-talde batek molekula organikoa ikusi eta identifikatu ahal izan du, argi soila erabiliz.
Ikerketa-talde batek nanometro erdiko bereizmena duen molekula organikoa ikusi eta identifikatu ahal izan du, argi soila erabiliz.
Javier Aizpurua EHUko eta DIPCko ikertzaileak parte hartu du Txinako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak gauzatu duen proiektu honetan.
JAVIER AIZPURUA; upv/ehu-dipc: Orain arte horrelako molekula txikiak ikusteko elektroiak erabiltzen ziren, baina kasu honetan, lehendabiziko aldiz, argia bera erabili dugu.
Gure teknikan argi arrunta erabili dugu. Kasu honetan argi berdea eta erraztasuna horretan datza, berez argi ikusgaia erabili dugula.
Bi teknika uztartu dituzte: elektroiak erabiltzen dituen tunel efektuko mikroskopia eta Raman espektroskopia.
JAVIER AIZPURUA; upv/ehu-dipc: Espektroskopia Raman berezi honetan argiak funtzionatzen du sonar bat bezala edo sonar bat moduan. Argia bidaltzen duzu eta argi hori molekularen kontra jotzen du, bibrazioak eragiten dizkio eta argia bueltatzen digu informazioarekin. Sonar moduan.
Emaitzak lortu ahal izateko, baldintza bereziak dituen barrunbean kokatu dute molekula.
JAVIER AIZPURUA; upv/ehu-dipc: Molekula kabitate baten barruan dago eta kabitatearen eragina da argi hori handitzea, lokalizatzea, eta kabitateari esker posiblea dugu molekula bereiztea, azken finean. Kabitaterik gabe ezin izango genuke molekula bereiztu. Eta ez dugu bereizten bakarrik molekula baizik eta bere barruko egitura. Nolabait gainditu ditugu bereizmenaren muga guztiak ez bakarrik molekula ikusten eta identifikatzen baizik eta molekulen barrutik aztertuz.
Lan honek ateak zabaltzen dizkie aplikazio teknologiko berriei fotokimikan eta nanoteknologian.
JAVIER AIZPURUA; upv/ehu-dipc: Nanoteknologia eta nanodispositiboak molekulez osatuta daude eta molekulak hobeto ezagutuz nanodispositiboa eta bere eragina askoz ere hobe ezagutuko dugu baita ere. Adibidez, biosentsorikan. Batzutan, oso molekula kopuru txikiak behar dira bereiztu eta kasu honetan molekula bakar bat bereiztu dugu, horretan biosentsorikan, fotokimikan, elikaduran… Biosentsorikan behar diren teknologia guztietan oso inportantea izango zen honen emaitza.