Ordenagailu eramangarria edo tableta? Bien artean zalantzan baldin bazaude, jakizu bien abantailak eskaintzen dituzten gailu hibridoak ere badaudela: tabletek bezala, ukipenezko pantailak eta interfaze intuitiboak dituzte, ordenagailu eramangarrien potentzia eta teklatua galdu gabe. Gaur ordenagailu bihurgarri horietako bi ikusiko ditugu. Ideia beretik abiatuta, oso diseinu desberdinak dituztenak.
Hemengo hau Sony Vaio Duo da, eta, ikusten duzuen bezala, 11,6 hazbeteko tableta panoramiko bat da. Apur bat lodia, hori bai. Pantailatik tiratzen badugu, argiztatutako teklatu txiki bat topatuko dugu, trackpad optiko eta guzti. HDMI eta USB portu pare bat ditu, SD txartel-irakurgailua eta oraindik proiektagailu gehienek erabiltzen duten VGA konexioa ere. 1,3 kg pisatzen du, gutxi gorabehera tableta arrunt baten bikoitza. Koxka txiki bat badauka: garraiatzerakoan, pantaila agerian gelditzen da, eta tabletaren ohiko zorroak ez dio balio.
Lehen begiratuan, beste modelo honek ordenagailu arrunt baten itxura izan dezake. Lenovo IdeaPad Yoga da, eta horrela izena du benetan malgua delako. Pantaila guztiz tolesten da, teklatuaren atzean ezkutatu arte. Horrela, 13,3 hazbeteko tableta handi bat daukagu; esku bakarrarekin maneiatzeko deserosoa, behar bada. Kilo eta erdi baino zertxobait gehiago pisatzen du eta 17 mm-ko lodiera dauka. Beraz, tableta gisa handi samarra bada ere, ordenagailu eramangarri mehe eta arin bat dela esan daiteke.
Biek Windows 8 sistema eragilearekin funtzionatzen dute, eta ohiko mahaigainaz gainera, ukipenezko pantailentzat pentsatua dagoen beste interfaze honen bidez maneiatzen dira. Beste zerbaitetan ere bat datoz: Ultrabook zigilua ematen dieten Intel Core i7 prozesagailuak dituzte, hau da, ermangarritasuna eta potentzia uztartzen dituzten ordenagailuak dira. Prezioari dagokionez, 11 eta 13 hazbeteko modelo hauek 1.100 eta 1.300 € balio dituzte.