Istorio hau, nola ez, gurpil gainean hasi zen. Lagun-koadrila bat motoz Andaluziara bidaian bazter-babesleek duten arriskuaz hitz egiten hasi zen. Nola konpondu, zer egin eta gurpil zaharrak erabiltzea proposatu zuen batek. Garatzen hasteko orduan ideia ez zela berria konturatu ziren baina, ingeniariak izan eta harago joan ziren.
PABLO FERRON; i+g, Gomavial: Konturatu ginen pneumatikoak geruzetan desmuntatu zitezkeela, eraiki ziren kontrako bidea eginez. Geruza bakoitzak daraman teknologia modu bereizian aprobetxatu zitekeela ikusi genuen eta hori ez dute egiten egungo birziklatze-metodoek, edo ez behintzat ahal den bezainbeste.
Hausnarketa haien lehen emaitza hauxe da, bazter-babesleak estaltzeko prototipoa. Ideia sinplea da baina atzean kontzeptu iraultzailea duena, gurpila osatzen duten hiru geruzen banaketa.
JULEN ARAMBURU; ingeniaria, Gomavial: Hemen ikusten duguna, goitik hasita lehenengo harietaraino errodadura-banda izango litzateke, kautxuzko zatia, bere hariekin; gero, metalezko eraztuna ikusten da hemen, bi zati edo eraztun txiki, eta azkenik, beheko partea, metalezko azken eraztunetik barruko karkasaraino.
Geruza hauek bereizita lortzen dira hiru banda edo zerrenda hauek. Bakoitzak ezaugarri zehatz batzuk ematen dizkio gurpilari, eta ezaugarri horiek dira produktu ezberdinak garatzeko abiapuntua. Adibidez, barrutik hasita, barne-karkasa aireari ihes egiten ez uzteko dago pentsatua, iragazgaitza eta hermetikoa izateak egokia bihurtzen du zenbait likido edo gasen gordailuak egiteko. Erdiko metalezko geruzak berriz irmotasuna ematen dio pneumatikoari. Propietate mekaniko onak ditu: elastikoa eta gogorra da aldi berean. Ezaugarri hauek probestuz errepideetan, asfaltoaren azpian jarri eta pitzadurak saihesteko “manta” bat diseinatzen ari dira, gaur erabiltzen den plastikoa ordeztuko duena.
PABLO FERRON; i+g, Gomavial: Manta bat da, asfalto-aglomeratua osatzen duten geruzen arteko mugimendua galarazten duena, edo mugitzen badira, bere onera itzul daitezela, manta elastikoa delako. Asfaltoak gehiago iraungo du eta zartatzen bada, kaltea zabaltzea ekidingo du eta hala pitzadurak, putzuak, zuloak,... gutxiago izango dira errepideetan.
JULEN ARAMBURU; ingeniaria, Gomavial: Kasu honetan errodadura-banda deitzen dioguna erabiltzen dugu batik bat, kautxu kopuru handia daukalako, hortaz antibibrazio propietateak dauzka, gainera daraman kautxu oso kalitate oneko da eta kautxuz egiten diren beste pieza batzuetan erabili daiteke eta haien ezaugarriak hobetu egiten dizkiogu. Gero, dituen nylon hariek indar handia jasateko propietatea dute eta orduan beste aplikazio batzuetarako ere erabiltzen dugu.
Nylon hariek eta kautxu kopuru handiak ematen dizkion bibrazioen kontrako propietateak errepideetatik trenbideetara eraman ditu Gomavialekoak. Dagoeneko bi produktu garatu dituzte Trabesaren azpirako zola bat eta errailaren euskarria. Azken hau ekoizte bidean da, behin karakterizazioa eta proba faseak gaindituta.
JULEN ARAMBURU; ingeniaria, Gomavial: Hau da orijinala eta hau guk egindakoa, hau joango litzateke horrela jarrita eta eragiten duena da trenbideetako mantentze-lanak jaitsi egiten du eta hori azkenean dirua aurreztea da.
Bereizten ditugu hiru produktu mota, prozesu txikiak behar dituztenak, nahiko erraz egin ditzakegun produktuak, gero, goma normala eta guk ateratzen duguna nahastuta lortzen direnak, hauek bezala. Hau da adibidez, elurra kentzeko makinek paletan erabiltzen duten kautxuzko pieza handiak dira, puntan doazenak, eta ikusten da nola barruan tartekatua daraman gure produktua, gutxi gorabehera bere pisuaren %50 gure materiala da.
Eta produktu honek ere, zubietan dilatazioa berdintzeko erabiltzen diren gomazko juntura hauek, tartekatua daramate errodadura-banda geruza. Ideiarik ez da falta: eraikinen zimenduetan jartzeko lurrikaren kontrako elementuak, zaratarentzako panel isolatzaileak,... Gurpilak alboetan daramatzan metalezko eraztunarekin, adibidez, luizi edo elur- jausiei eusteko sareak egitea pentsatu dute.
JULEN ARAMBURU; ingeniaria, Gomavial: Eta gero, azkenik, gauza teknikoagoak, konposite edo sandwitx hauek bezala. Hau adibidez esan dugun errepideetako seinaleak egiteko pieza bat izan daiteke.
Produktuak proposatu eta garatzeaz gain zerbitzuak eskaintzea da Usurbilgo enpresak landu duen beste alorra. Lehengai duten geruzak ekoizteko ingeniaritza prozesuak diseinatu dituzte.
PABLO FERRON; i+g, Gomavial: Bagenekien pneumatikoetatik ateratako geruzekin produktu asko egin daitezkeela baina ez zegoen material hori eskuratzeko metodorik, hortaz, azken bi urteotan teknologia bat garatu dugu lan hori neurri industrialean egiteko.
Eta emaitza hau da. Industria-mailan modu eraginkorrean lan egiteko balio duen makina. Lehen geruza, kautxu eta nylonezkoa ateratzen die gurpilei eta saldu dute dagoeneko . Europa mailako bi patente dituen arren Gomavialeko arduradunek nahiago izan dute osotasunean nola lan egiten duen ez erakutsi. Izan ere, beste makina batean lanean ari dira, pneumatikoen hiru geruzak prozesu edo pauso bakarrean aterako dituen gailuan eta ez dute pistarik eman nahi.
Iaz estatuan 250.000 tona pneumatiko- erabili sortu ziren. 2003tik galarazia dago zaborretara botatzea, 1000 urte behar ditu naturan pneumatiko batek desegiten, beraz berrerabiltzea beste erremediorik ez dago. Gehiena, ia erdia, porlan fabrikek erabiltzen dute labeetan, erregai gisa. Zati txiki bat bir-kautxutatuta errepidera itzultzen da eta gelditzen dena xehatu egiten da, gero materiala bereizi eta berrerabiltzeko. Gomavialen proposamenak beste bide bat zabaldu du arazo hau konpontzeko, espaziotik ere ikusten den arazoa. Kuwaiteko hau munduko pneumatiko- zaharren biltegirik handienetakoa da.