Ura bai beharrezkoa!
2013/04/01
Elhuyar
Iturria:
Teknopolis
Urre urdina da, gure izatearen esentzia gordina, bizitza ematen diguna.
Transkripzioa ikusi
Denaren jatorria da, hau gabe ez dago bizitzarik... Urre urdina da, gure izatearen esentzia gordina, bizitza ematen diguna, egarri ase, elikatu eta garbitu, ekoitzi eta sortu. Ez al gara bada ura % 70?
Iturria zabaldu baino ez dugu eskuratzeko, eta horrek agian balioa kendu dio, eta ahaztu egiten zaigu zeinen urria eta kaltebera den. Ura arriskuan dago, han eta hemen.
Enrique Murtziako nekazari bat da. Penintsula iberiarraren hego-ekialdeko baratza hauetatik dator Espainiako fruta eta berdura ekoizpenaren % 20. Lurralde lehorra da, ordea. Urtean 300 mm euri baino ez du botatzen!
Enriquek baina, 15.000 m3 ur behar ditu urtero uzta ureztatzeko, bere kezka-iturri nagusietako bat ura da, hortaz.
ANTONIO MORENO; Espainiako Nekazari Txikien Elkartea: Gure baliabideak optimizatzeko, urteak dira garai bateko uholde-erregadio tradizionala erabiltzen ez dugula; tanta bidezko ureztatzea erabiltzen dugu, uraren % 30 aurrezten da horrela.
Uraren erabilera eraginkorrago honetaz gain, nekazariek ura lortzeko bide gehiago bilatu behar dituzte. Izan ere, teknika aldatzean aurreztu duten ura ez da nahikoa erregadioaren hedadura ikusita, ur-beharrak etengabe handitzen doaz.
Arazoa benetan potoloa da, nekazariak ez baitira ur-behar handiak dituzten bakarrak: turismoaren industriak ere itzelezko ur-pila kontsumitzen du, eta bi sektoreek arriskuan jarri dute bertako florak eta faunak irauteko beharrezko duten ur-kantitate minimoa.
Hainbat ur-araztegi eraiki dituzte lurralde honetan. Araztegi hau Los Alcázares-en dago eta egunean 4.000 eta 10.000 m3 ur bitartean tratatzen dira hemen. Lehenengo tratamendu biologikoko bi fase daude, besteak beste solidoak ezabatzea helburu dutenak.
JULIÁN ESCUDERO; EDAR Los Alcázares: Hau depuradorako hirugarren mailako tratamendua da: lamela dekantaziozko tratamendu fisiko-kimikoa da, eta, horretaz gain, are-dekantazioa eta tratamendu ultramorea. Hemen kloroa eta aluminio sulfatoa gehitzen zaizkio ura desinfektatzeko. Honako hau da ura araztearen azken helburua: ur garbia lortzea, solidorik gabea, ingurumena errespetatuko duena eta Europako araudia. Ur honek edateko ur bihurtzeko parametro guztiak betetzen ditu.
Ur hau gizakiak edan ez, baina baratzak ureztatzeko erabili daiteke osasunerako arriskurik gabe.
ANTONIO MORENO; Nekazari Txikien Elkartea: Berrerabiltzeak ur zikinak ibai-arrora iristea saihesten du, horrela ez da ibaia kutsatzen, eta garbi mantentzen da. Erabilitako urari beste erabilera bat ematen diogu, eta hori onuragarria da guretzat gure bizimodua nekazaritza baita.
Dena dela, Espainiak eta Europak orohar ez dio soilik ur-eskasiari aurre egin behar.. Gaur egun europako legediak egoera asko hobetu duen arren, likido baliotsu honen kalitatea eztabaidagarria da batzuetan.
-Iragarki faltsua:
“Ondoezik al zaude? Mina duzu? Depresioak jota? Konponbidea daukagu: orotariko produktu bat, osagai antiinflamatorioekin, antidepresiboekin eta antisorgailuekin. Produktu iraultzaile hau da... ura!”
Zorionez hori ez da egia. Baina hala ere, jakin behar dugu Europan ehunka tona botika iristen dela egunero ingurumenera, bide naturaletatik batzuetan, baina zabarkeriagatik besteetan.
Argibide bila Alemaniara joko dugu.
Berlin hegoaldeko zentro handi hau Ingurumen Agentzia Federalak gidatzen du. Hodi hauek urmaelak eta ubideak simulatzen dituzte. Helburua ekosistemak osatzea da, produktu kimikoek floran eta faunan duten eragina ezagutzeko, besteak beste produktu farmazeutikoen presentzia eta eragina.
ADOLF EISENTRÄGER; Alemaniako Ingurumen Agentzia Federala: Konposatu kimikoek ingurumenean duten distribuzioari erreparatzen diogu, duten bizitzari eta iraunkortasunari, eta, noski, baita organismoetan duten eraginari ere.
Zentro honetako zientzialariek botiken presentzia eta eragina analizatzen dute, besteak beste.
ADOLF EISENTRÄGER; Alemaniako Ingurumen Agentzia Federala: Botikak pertsonetan edo animalietan eragina izateko sortuak dira, baina ingurumenean ere izan dezakete eragina. Ongi dokumentatutako adibide bat antisorgailuek ingurumenean duten eragin endokrinoa da.
Hermafroditismo kasuak dokumentatu dira arrainetan; hormona disrupzioaren ondorioa da, ia seguru uretan pilula antisorgailuen arrastoek eragindakoa.
ADOLF EISENTRÄGER; Alemaniako Ingurumen Agentzia Federala: Hortaz, hondakin-uren kutsadura dugu begi aurrean eta lurrazpiko urak arriskuan daude.
Arazo hau ez da Alemaniara edo Europara mugatzen, mundu osoko arazo bat da. Zorionez, sustantzia horien maila ez da nahikoa gizon-emakumeei kalte egiteko, baina zerbait egin beharko litzateke basabizitza babesteko behinik behin.
Hemen, Ruhr ibaian, Alemaniaren mendebaldean, 2006an ikertzeari ekin zioten hain zegoen kutsatua ibaia. Araztegi honetan eskala handiko ikerketak ari dira egiten. Ohiko tratamendua egin ondoren, ura ozonoarekin eta ikatz aktibatuarekin tratatzen da hondakin kimiko eta farmazeutikoak kentzeko.
MARKUS RÜDEL; Ruhrverband uraren kudeaketa-enpresa: Instalakuntzak urtebetez aztertu ostean, % 50-70 ezabatzera iritsi gara. Hortik aurrera ezin da gehiago hobetu. Zeelanda Berrikoek badute esaera zahar bat: ura gure bizimoduaren isla omen da. Alegia, uretara botatzen dugun guztia, biologikoki eliminatzen ez bada, hondakin-uretan amaituko du.
Prebentzioa atzetik sendatzea baino hobe! Alemanian, beste leku askotan bezala, kanpainak egiten dituzte jendeak gaiarekin kontzientzia hartzeko. Erabili gabeko botikak itzultzeko eskatzen zaio jendeari, botika horiek behar bezala kudeatzeko.
Hori ez da nahikoa, beste neurri batzuk hartu beharko lirateke. Esaterako, eta botika berri batek merkaturatzeko baimena lortzeko prozesuan eragin ekologikoa kontuan hartu.
Dena dela, Europan heldu diote gaiari. 2012 Uraren Urtea izendatu zuen Europako Batzordeak. Zaindu eta kontrolatu beharreko produktu kimikoen zerrendan 15 substantzia berri sartzeko proposamena egin zuten, eta horietako hiru lehenengoz botikak dira.
Ura babestea ez da aukera bat, behar bat da. Hitz bitan, uraren kalitatearen baitan dago guztion biziraupena eta etorkizuna. Borroka hori eguneroko lana da, eta guztiok dugu zeresana, bakoitzak bere mailan.